XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Betiko bizitza zoriontsura du joera gure izateak, ez baidu asetzen lur ontako uskeri-pilla geldoak.
Samiñezko pipiak jota daramagu biotza ta zerura begiratzen du intziritsu.
Esku-artean aitzen, urtzen ari zaigun bizitza maltzur onek, betikoaren miñetan uzten gaitu.
Arima eder baten gordeleku gerala jakiteak, itxaropen magalera jaurtitzen gaitu.
Siñismena datorkigu azkenik, itxaropen ori ermotzera.
Kristogan jartzen dan siñismen gartsuak, Jesus-Jainko altsuaren iturriko ura gure animetara abiarazten du, leiatsu opa dugun betiko bizitzari asiera emanaz.
Ziur gaude
Eriotzaren atzaparretako ondakiña iruditu zitzaion Jon Ebanjeliari mundu au, Adan'en pekatu ondoren.
Jesus, berriz, edo Jesusen siñistea, eriotzaren atzaparretan bertan, bizitza ez-ilkorra ernearazten duen zerutar intza ta pekatuaren esi illuna jo ta birrintzen duan argi dizdira.
Gaurko egunean mundura baletor, ez luke bere irizpidea tanta batean aldatuko Jon deunak.
Ziur asko lengo Ebanjelioa eskeiñiko lioke itzez-itz gizadieri, bizitza egizko ta bakarra Kristori siñistean dagola gogoratuaz.
Aita Betikoak ere Jesus eskeintzen digu salbabide, gure izateak gogomin duan bizitza eder ortara irizteko:
Ez da zeru urdiñean, ez da munduko bazter zirrikuetan beste aukerako biderik.
Eriotzaren mirabetza zapuztuaz bizitza betearen jaurerrian sartzeko, nai ta nai ez siñismen lokarria estutu bearrean gaude, Jesus-Jainkoari uste itxaropentsuakin begiratuaz.